‘Leioa Itsasadarretik’ lehiaketan parte hartu zutenek itsasadarretik txangoa egiteko aukera dute

‘Leioa itsasadarretik’ izeneko egitasmoan, argazki lehiaketan edota arrantza jardunaldian, parte hartu zutenek itsasadarretik itsasontziz txangoa egiteko aukera paregabea izango dute. Leioako Udalak ekintza berezi honekin saritu nahi ditu parte hartzaile guztiak.

Guztira 100 pertsona baino gehiagok izango dute txango honetan parte hartzeko aukera. Azaroaren 26an izango da, goizeko 11:00etan, ordu biko txangoa izatea aurreikusten da eta Javier Frankoren azalpenak entzuteko aukera izango dute partehartzaileek.

Biologia Zientzietan doktore da Javier Franco, AZTIko ikertzailea da Itsas Ikerketa Unitateko Itsaso eta Kostaldeen ingurumen kudeaketa sailean. Berak, azken hamarkadetan, itsasadarreko bizia zelan berroneratzen joan den azalduko du.

Izan ere, Bilboko Itsasadar izenez ezagutzen den Nerbioiko estuarioa kantauriar erlaitzeko handienetarikoa da, eta gainera, eta habitaten aniztasunagatik ere nabarmentzen da.

Mendeak dira sistema hau degradazio latza pairatzen hasi zenetik, batez ere, ertzetan, gizakiek kokaleku asko ezarri zituztelako, eta denboran zehar, araztu gabe, substantzia kutsakorrak isuri zirelako. 1979an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak onetsi egin zuen eskualde osorako Saneamenduko Plan Integrala, eta 1990ean, urak aratzeko prozesuari ekin zitzaion. 80. Hamarkadaren bukaeratik egin diren jarraipen azterketek garbi erakusten dute berroneratze prozesua.

Ibilbidean zehar, sistemaren azterketa metodoen xehetasun batzuk azalduko dira. Gainera, eta batez ere, andeatutako sistemak berroneratzeari buruz ikasitako zenbait lezio aurkeztuko dira. Eztabaidarako gaiak ere proposatuko dira, hala nola, oxigeno maila normalak berreskuratzea edo sistemako biologia-komunitateak (60 arrain espezie baino gehiago, sedimentuetan eta arroka substratuetan bizi diren ehunka animalia eta alga).

Facebook
Twitter